AMAZONIA

Amazonia aniztasun kultural eta ekologiko handiena duten planetako lurraldeetako bat da. Lurralde panamazonikoak Brasilen zati bat, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia, Venezuela eta Guyana Frantsesa hartzen ditu barnean. 33 milioi pertsona bizi dira bertan, eta haietatik 1,5 milioi 385 herritako indigenak dira. Hala ere, COICA1 elkarte indigenaren arabera, indigenak hiru milioi inguru dira; hau da, ia % 10. 

Amazonia erabakigarria da munduko klima erregulatzeko, biodibertsitate handia baitu. Izoztuta ez dagoen Lurreko ur gozoaren % 20 inguru Amazonian dago. Hala ere, eskualdeko aberastasun kultural eta biologikoa gorabehera, lurraldeak eta bertako biztanleek mehatxu larriak pairatzen dituzte, nagusiki metaketan eta estraktibismoan oinarritutako garapen-ereduaren ondorioz, presio handia eragiten baitu basoko baliabideetan.

Amazoniak eta bertako herriek mehatxu ugari jasaten dituzte: deforestazioa, egurraren salmenta, legez kontrako okupazioa, agronegoziorako alorrak, narkotrafikoa eta baliabide naturalen kontrola berenganatu nahi duten militar, komertzial eta industrien beste interes asko; bestalde, komunitate lokalek jasaten dituzte estraktibismoaren eragin negatiboak.

Herri indigenek beren eskubideak erabil ditzaten laguntzeko egiten dute lan Entreculturas-ek eta Alboan-ek. Hain zuzen ere, aurtengo lasterketa solidarioarekin, hauen alde egingo dugu:

Amazoniako 243 haur indigenaren kulturarteko hezkuntza elebiduna sustatuko dugu. Haur horiek Fe y Alegría-ren bi ikastetxetara joaten dira; bata Boa Vistan dago, Brasil eta Venezuela arteko mugan, eta bestea Manaosen. 

Boa Vistako (Brasil eta Venezuela arteko muga) 16 lider indigenaren prestakuntza integrala sustatuko dugu, baita 30 gazte indigena tikunarena ere (Kolonbia, Peru eta Brasil arteko muga hirukoitza). 

Amazonian dauden Fe y Alegría-ren ikastetxeetarako hezkuntza elebiduna, kulturartekoa eta gizarte eta ingurumenekoa bultzatuko dugu.

Arreta humanitarioa emango diegu Brasilgo biztanle indigena ahulei, eta, Brasilgo Fe y Alegría-ren eskutik, seme-alabak Fe y Alegría-ren Boa Vistako ikastetxean (Rorayma, Brasilgo iparraldea) eskolatuta dauzkaten Venezuelako familia migratzaileen elikadura eta osasuna bermatuko ditugu.

Brasilgo bertako biztanleen artean ospitalitatea eta arreta humanitarioa sustatuko ditugu Manaosera migratu duten eta pandemiak eta krisi ekonomikoak gogor kolpatu dituzten familia indigena brasildarrentzat.

Ordezko aukera ekonomiko jasangarriak garatuko ditugu herri indigenen elikadura-subiranotasuna bermatzeko. SAIPEren laguntzarekin arituko gara Perun, eta CIPCAren laguntzarekin Bolivian. Kakaoa eta platanoa landatuko ditugu, bertako oiloak eta erleak hazi…

Brasilgo Pará eta Amazonas estatuetan eskubideak defendatuko ditugu, talde ibiltariaren lanaz eta laguntzaz baliatuta. Horri esker, SatereMawé lur indigena COVID-19tik babestuko dugu (osasun-kontrola), baita egurketarietatik, urre-bilatzaileetatik eta trafikatzaileetatik ere, eta lur indigenaren zaintza indartuko dugu, eta buru eta liderren prestakuntza-prozesuak bultzatuko. Familia indigenak eta ibaiertzekoak kontuan hartuta, lur indigenan eta inguruko komunitateetan bizi diren 10.000 pertsonak baino gehiagok jasoko dute onura zuzena.

Previous
Next